martxelo otamendi

Portugal ere eskuinera

2024ko martxoaren 13a
05:00
Entzun

Gero eta herrialde gehiagotan legez, Portugalen ere eskuinera jirarazi dute herritarrek politikaren ardatza. Ezkerreko gobernuak azken legealdian egindako politika aurrerakoiak itzalita geratu dira Antonio Costa lehen ministro sozialista duela hilabete batzuk ukitu zuen ikerketaren ondorioz. Auzitegi Gorenak, hiru delitu larrirengatik —influentzien trafikoa, ustelkeria eta prebarikazioa— zabaldutako ikerketa batean, zeharka bazen ere, Costa deiturako bat agertzen zelako eman zuen dimisioa, berehala.

Nonbait, nahastu egin zen fiskaltza deitura horren jabearekin, baina kaltea eginda zegoen, igandean herritarrek sozialistei eragindako zigorrak erakusten duenez. Zentro-eskuineko Aliantza Demokratikoak (AD) irabazi zituen hauteskundeak igandean, sozialistei oso alde txikia aterata.

Alderdi ultraeskuindarra, Chega, izan zen igandeko irabazle morala, laukoiztu egin baitzuen ordezkaritza. ADko buru Luis Montenegrok kanpainan agindu zuen ez zuela akordiorik egingo Chegarekin, eta agindu hori berretsi zuen emaitza jakiterakoan.

Europan, Jean-Marie Le Pen frantziarraren garaitik, indarra hartu duen eskema errepikatu da Portugalen: ezkerrak behera eta ultraeskuinak gora. Ezkerrak galdu egin du, nola berreskuratu ez dakiela, hamarkadatan okerren zeudenen erreferente izaera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.