martxelo otamendi

Porrotx ikerketapean

2024ko urtarrilaren 9a
05:00
Entzun

Gero eta erreferentzialtasun txikiagoa daukatela ohartuta, edozeini, edozein arrazoirengatik, salaketa jartzeko prest daude, baldin eta horrek egun bateko loria ematen badie komunikabideetan. Obsesio horren azken biktima, Porrotx.

Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek bat egin zuten, bideo baten bidez, larunbatean Bilbon, Konponbiderako giltzak lelopean, euskal preso politikoei ezartzen zaien salbuespen arauei amaiera emateko eskatzeko egingo den manifestazioarekin. ETAren biktima batzuk ordezkatzen dituzten Covite eta AVT elkarteek salaketa jarri zuten Porrotxen aurka, Arartekoaren bulegoan; inora ez doan salaketa bat, Porrotx ez delako erakunde publikoa. Ondoren, Durangoko PPko zinegotzi batek jarri zuen salaketa Durangoko epaitegian, Porrotxek bideoan agertzen diren «adingabeen aurkako indarkeria psikikoaren delitua» egin duelakoan. Epailearen esku daude Guardia Zibilak eta Ertzaintzak egindako txostenak.

Salaketak ez dauka ez buru eta ez hanka, eta helburu bakarra Porrotxen —eta harekin batera Pirritxen eta Marimototsen— izena zikindu eta profesionalki kalte egitea da.

Epaileak azkar baino lehen erabaki beharko luke salaketaren itxiera, batzuetan egiten duten bezala, salatzaileari buruzko iruzkin arbuiatzaile batekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.