martxelo otamendi

Politikariak harrapakin Amerikan

2024ko urriaren 29a
05:00
Entzun

Merke ateratzen ari dira lehen lerroko politikariak hiltzeko saioak Ameriketan. Hiru kasu ezagutu ditugu oso denbora gutxian: Ekuadorren, AEBetan eta Bolivian.

Ekuadorko presidente aukeratzeko hauteskundeetan, Fernando Villavicencio hautagaia hil zuten kanpaina egiten ari zela; hauteskunde egunera iristeko oso gutxi, bi aste, falta zela. Inkesten arabera, sindikalista eta kazetaria izandako Villavicencio laugarrena zen. Urte berean, 2023an, gutxienez beste lau politikari esanguratsu hil zituzten Mexikoko kartelen kanpo adarrek gero eta indar handiagoa daukaten herrialdean, Ekuadorren. 

Hiltzetik oso justu libratu zen aurten, uztailaren 13an, Donald Trump, Pennsylvanian hauteskunde kanpainako mitina ematen ari zela. Eskuineko belarrian jo zuen buruan jotzeko botatako balak. Harrigarria izan zen presidente ohi eta hauteskundeak irabazteko aukera handia daukan politikariaren segurtasun arduradunen akatsa.

Hirugarrena Boliviako presidente ohi Evo Morales izan da. Hamalau tiro jo zizkioten herenegun bera zihoan autoari, hiltzeko asmoarekin botatakoak, noski. Erasotzaileek ez zuten lortu, sinesgaitza ematen du, Morales zauritzea ere. Moralesek Boliviako presidente eta MAS alderdikide Luis Arceren eskua ikusi du atentatuan.

Hiru kasu horiek argi uzten dute politikaren gainbehera herrialde horietan, marra gorria zein erraz igarotzen duten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.