Zer aurpegi geratu zitzaien hauteskunde gauean Podemoseko eta Sumarreko arduradunei, eta kanpainan laguntzen aritu ziren alderdi horietako militanteei, ikusi zutenean elkarrekin joanda eserleku bakarra lortu barik hiru lortzeko aukera urrezkoa galdu zutela? Egun horretako emaitzen arabera, eskuratu ez eta PSEri oparitu zizkioten bi eserleku horiek erabakitzaileak izango ziren EAJk eta PSEk lortu zuten gehiengo erosoa eragozteko. Eneko Anduezak ez die sekula bi alderdi horiei nahikoa eskertuko igandean egin zioten mesedea, lortu zituen hamabi eserlekuetatik hamarrekin konformatu beharko zukeelako.
Eusko Legebiltzarrerako kanpainako ekitaldi guztietan bi alderdiek azpimarratu zuten, nork bere aldetik, haien botoa funtsezkoa izango zela EAJren eta PSEren nagusitasuna urratzeko. Boto erabilgarria haiena zela lau haizeetara zabaltzearekin batera, kritika egiten zioten EH Bilduri, esanez «akordio zabalen» proposamena eskuinarekin —EAJrekin— akordioak disimuluan lortzeko atea zela. Eta haiek izan dira azkenean, bereizita joateagatik, EAJ-PSE bikoteari ahalmen guztia eman diotenak.
Galizian oso gaizki, legebiltzarretik kanpo; Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, bakarra lortu zuten igandean, eta inkestek diote Katalunian orain dauzkaten zortzi eserlekuetatik jaitsiko direla.