martxelo otamendi

PISA eta Michelin izarrak

2023ko abenduaren 7a
05:00
Entzun

Goi mailako sukaldariak Michelin izarren urteroko emaitzen zain bezain urduri egoten dira hezkuntzako arduradunak eskolen kalitate teknikoa neurtzen duen nazioarteko PISA adierazleak zer nota jarriko. Ulertzekoa da bi sektore horien ezinegona, neurgailu horiek sekulako erreferentzialtasuna hartu baitute. Sukaldarien alorrean ugaritu egin dira sailkapenak, eta bakoitzak ondo jartzen duenari ematen dio sinesgarritasuna. PISA hezkuntzako Michelin izarrak dira.

Zer neurtzen du, bereziki, PISAk? Mundu osoko ikasleen prestakuntza matematikan, zientzietan eta irakurketan. Merkeegia litzateke gutxiestea ikasleen prestakuntza onaren beharra hiru alor horietan, munduak aurreratu badu trebeak izan ziren ikasle haien garapen profesionalaren ondorioz izan baita. Baina ez da hori mundua hobetzeko modu bakarra eta, zilegi bekigu duda egitea, garrantzitsuena.

Noizko giza balorazioaren PISA neurketa? Noiz neurtuko dituzte ikasleen bestelako dohainak? Ez al zaigu axola ikasleen giza sentsibilitatea, elkartasuna, elkarbizitzarako prestutasuna, baztertzaile ez izatea, jarrera kritikoa nagusikeriarekin…?

Sukaldari batzuek arazo psikologiko larriak jasan dituzte izarrengatik. Ez ahal zaie hori bera jazoko gure hezkuntza arduradunei eta profesionalei!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.