Duela 34 urte, 1990eko azaroan abiatu zen Euskal Herriko Pilota Federazioa Nazioarteko Federazioan sartzeko ahalegina. Kuban jokatzen ari zen Munduko Txapelketa, eta Espainiarekin jokatzeko joan ziren euskal pilotari batzuek, «aski da» esanda, erabaki zuten iritsia zela euskal pilota selekzioa ofiziala izateko ordua. Txapelketari hasiera eman zion desfilean saiatu ziren Euskadiko Pilota Federazioaren elastikoa jantzita desfilatzen. Antolatzaileek utzi ez, eta, protestan, elastiko zuria jantzi zuten desfilean, eskuetan euskal elastikoa eramanda.
Geroztik ez da isildu selekzio ofiziala izateko eskaera, ozenago aldi batzuetan besteetan baino. Bide luze horretan izan dira —euskal selekzioarekin bakarrik jokatu nahi zutelako— txapelketetan parte hartzeari uko egin dioten pilotariak.
Gaur egingo du Iruñeko hotel batean Nazioarteko Euskal Pilota Federazioak urteko batzarra, eta biharko batzarrean erabaki dezakete —ez da segurua bozketa izango denik— Euskadiko Federazioa ofiziala izatea. Munduko bazter guztietako 38 kide dauzka federazioak, Bangladesh, Iran eta Txina tartean.
Beti bezala, Espainiako Federazioak egingo du sendoen horren aurka, nahiz Espainiako Kirol Lege berriak aukera ematen duen Euskadikoa ofiziala izateko, pilotaren «sustraitze historikoagatik».