martxelo otamendi

Le Penen garaipena

2024ko uztailaren 2a
05:00
Entzun

Nahiz irabazi ez, Frantzian eduki dituen emaitza bikainen lorratzari segituta, oso emaitza onak lortu ditu Ipar Euskal Herrian Marine Le Pen buru duen Batasun Nazionala alderdi ultrak igandeko lehen itzulian. Ipar Euskal Herriko alderdiak banaka aurkeztuta, Batasun Nazionalak aise irabaziko zukeen. Fronte Popular Berriak irabazi du hiru euskal hautesbarrutietan, baina, horretarako, hautagaitza bakar batera bildu behar izan dute, gaitz txikiaren printzipioak, eta logikarik sinpleenak, eskatzen duena beteta. Le Penen meritua hori ere.

Gaur 18:00ak bitarteko epea daukate alderdiek bigarren itzulirako hautagaitzak prefeturetan aurkezteko; alegia, bigarren itzulian lehiatzeko eskubidea irabazi duten arren, Asanblea Nazionaleko aulkia irabazteko inolako aukerarik ez daukaten hautagaiek azken orduotan erabaki beharko dute ostera aurkeztea edo lehiatik kanpo geratu eta irabazteko aukera daukan hautagai baten aldeko botoa eskatzea. Edo boto askatasuna ematea jarraitzaileei.

Hori da laugarren hautesbarruti bitxiaren kasua —Nafarroako zati bat, Zuberoa osoa eta Biarnoko zati bat biltzen ditu—. Fronte Popular Berriko Iñaki Etxanizek erraz irabazi zuen igandean (%38), Le Penen alderdiko Silviane Lopez bigarrena geratu zen (%25), eta Eutsi alderdiko Jean Lassalle hirugarren (%18). Lassallek aurreratu du aurkeztu egingo dela bigarren itzulira; bere botoak Lopez ultra eskuindarrarengana joan ez daitezen?

EAJ hiru hautesbarrutietan aurkeztu da, baina, %3,5 lortuta, bigarren itzulira igaro gabe geratu da. Nortzuen aldeko botoa eskatuko du uztailaren 7ko bigarren itzulirako?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.