Zergatik esan digute horrenbeste hamarkadatan frantziarrak ez garenoi Frantzia Europako demokrazia eredugarrienetakoa dela? Haren historian azazkala azaletik pasatu hutsarekin ikusten ditugu zenbaterainoko zigorgabetasunarekin egin dituzten nahi adina giza urraketa.
Jean-Marie Le Penen heriotzak aukera eman digu ostera Aljeriara begira jartzeko. Ezagunak dira frantziarrek Afrikako iparreko herrialde hori 1962 arte kolonizatua zeukaten bitartean egindako hilketak, desagertzeak, torturak… Baita 1961eko urrian Parisen manifestari aljeriarren odolaz Sena gorritu zutenekoa ere…
Le Penek berak aitortu zuen, 1962an eskainitako elkarrizketa batean, aljeriarrak torturatu zituela Aljerian Frantziako armadaren inteligentzia zerbitzuetan ibili zen hilabeteetan. Frantziako Asanbleako kide zen —1957. urtean— Aljeriara joateko baimena eskatu zuenean; handik hilabete batzuetara Asanbleara itzuli zen, ez inori ez justiziari konturik eman behar izan gabe; ez zen izango hark torturatutakoen lekukotasunak falta zirelako. Eta horrela segitu du torturatzaileak politikan normaltasun guztiarekin, heriotzak asteon eraman duen arte.
Egunotan Europan oso era kezkagarrian zabaltzen ari den ultraeskuinaren aitzindari izan zen Le Pen. Nekez pentsatuko zuen 70eko hamarkadan Fronte Nazionala abiatu zuenean horren urruti iritsiko zenik.