Kaleratu dute azken hilabeteotan Frantziako eta Europako iritzi publikoaren parte handi baten arreta kezkatua bereganatu duen Pelicot auziaren sententzia. Gertaera lazgarria izan zen, Dominique Pelicotek emaztea —Gisele Pelicot— drogatu, eta 50 gizonezko bortxatzailek nahieran erabil zezaten utzi zuen; harekin sexualki nahi zutena egin zezaten. Nobelarik beltzetan beltzenean ere irakurri ez duguna jazo zen etxe hartan, idazlerik bihurrienari ere bururatuko ez zitzaion pairamena jasan behar izan baitzuen hamar urtez Gisele emazteak, senarrak eraginda.
Dominique senarra eta 50 gizonezkoek neurri desberdinetako zigorrak jaso dituzte: gogorrena —Dominique senarrari jarritakoa— 20 urtekoa da, nahiz erantzukizun zuzena eduki 50 gizonezkoek egindako bortxaketetan.
Gisele Pelicot ez zen kikildu horrenbeste gizonezko auzitara eramateko orduan, eta auzia publikoa izatea nahi izan zuen; berak oso argi adierazi zuenez, «lotsa bandoz aldarazteko». Oso konbentzituta egin du publiko auzia, uste izan baitu publiko egitean lagundu egingo diela gizonezkoen bortxaketen biktimak diren emakumeei. Hau da, aurrean 50 gizonezko edukita ere, erakutsi nahi izan du posible dela salaketa azkeneraino eramatea, eta irabaztea.
Beste emakumeei mesede barik kalte egiten dielakoan, ihes egin dio heroi rola hartzeari.