Kezkatuta omen dabil Espainiako Auzitegi Konstituzionala Kataluniako Parlamentura independentzia haizea itzultzekotan dabilelako. Arrazoia? Independentzia aldarrikatuko duen lege proposamen bat aurkeztu nahi du herritar talde batek, diputatu ez diren herritarrek gero eta legebiltzar gehiagotan lege ekinaldiak aurkezteko daukaten tresna erabilita: herri ekinaldi legegilea.
Katalunian 50.000 sinadura behar dira ekinaldi legegilea aurkezteko, eta ekinaldiaren sustatzaileek egin dute lehen urratsa, sinadurak biltzearekin batera. Aurkeztu dute ekinaldia Parlamentuaren mahaian, eta lau hilabeteko epean eman beharko dizkiote 50.000 sinadurak Kataluniako Legebiltzarrari. Bidea zabaldu dio ekinaldiari Parlamentuko mahaiak, alegia, onartu egin du ekinaldia tramitatzea, Juntsen eta CUPen aldeko botoekin, ERCren abstentzioarekin eta PSCren aurkako botoarekin.
Katalunian dagoen giro politiko epelean horrelako ekinaldiak eduki lezakeen egokitasuna aztertzen hasi gabe, tinko defendatu behar da legebiltzar batek daukan eskubidea berak erabakitako gaiez eztabaidatzeko. Espainiako Konstituzionalak ezin dio debekatu —2015ean eta 2017an egin zuen— independentziaren aldeko legeak tramitatzea herritarrek aukeratutako ganberaren mahaiari.
Soka luzea dator.