Maltzur jokatu zuen Poloniako justiziak Pablo Gonzalez kazetariari Errusiaren espioia izatea leporatuta. Bat-batean, Errusiak Ukrainan egindako inbasioarekin eta ondoren egindako sarraskiarekin kritiko zirenen elkartasuna mozteko oso delitu larria leporatu zion, inolako frogarik erakutsi gabe. Nork, inbasioaren aurka daudenen artean, eskainiko dio babesa Errusiaren alde espioi lanetan dabilenari?
Bi urte beteko dira bihar Poloniako Poliziak Pablo Gonzalez kazetaria Ukrainako mugatik oso gertu dagoen Przemyśl herrian atxilotu zuenetik; denbora horretan justiziak ez du Gonzalezen aurkako taxuzko akusaziorik eratu, erabateko babesgabetasunean utzita. Bere errugabetasuna ezin frogatuz dago, leporatzen dioten delituaren xehetasunik ez dakielako. Arazo handia eduki behar du Poloniako justiziak akusazioa zehazki azaltzeko, bestela ez da ulertzen zortzigarren aldiz luzatzea haren espetxealdia.
Nahikoa ari al gara denok egiten, herritarrok —kazetariok batik bat— eta erakunde publikoak Poloniak Gonzalezi legezkoak diren berme judizialak eman diezazkion?
Gernikako kaleek Gasteizen, Madrilen, Bruselan eta Varsovian entzungo den «Pablo askatu» oihukatuko dute bihar.