Pozik daude EH Bilduren lehendakarigai Pello Otxandianok Espainiako irrati batean ETAko kideei «terrorista» ez deitzeagatik Otxandianoren eta EH Bilduren konfiantza urratzeko kanpaina politikoa eta mediatikoa antolatu zutenak. EH Bilduk hauteskundeak irabazi ez zituelako daude pozik, beste edozein kanpainatan egongo liratekeen bezala; poza inori debekatu ezin zaion eskubidea baita.
Baina kanpaina horretan beste arrazoi bat badaukate pozik egoteko, aurrenekoak baino garrantzi gutxiago ez daukan arrazoia. Otxandianok igandeko hauteskundeak irabazi balitu, sekulako erridikulua egingo zuketen ditxosozko elkarrizketaren harira hautagaiaren urratze kanpainaren antolatzaileek, mundu guztiak ikusiko zukeelako kanpaina horrek ez zuela inolako eraginik eduki EH Bilduren emaitzetan. Alegia, alfer-alferrik xahututako denbora eta lana. Ederretik libratu dira.
Orain, EH Bilduk hauteskundeak ez irabazita, aukera daukate kanpaina zuritu eta esateko kanpainak bere fruituak eman zituela, eta EAJk EH Bilduri ateratako aldea —28.819 boto— kanpainaren ondorioa izan dela. Hau da, hauteskunde gauean, ordu erdiko tartean, deprimituta egotetik sekulako poza sentitzera pasatu zirela. Zer azalpen emango ziguketen Otxandianok irabazi balitu hauteskundeak?
Nola neurtu kanpainak benetan eraginik eduki ote zuen?