Lastima da ez jakitea zenbatek ematen dioten ezezkoa gobernuburu bati kargua hartu eta sailburuen taldea osatzen hasten denean. Datu horrek garrantzi berezia dauka Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Alberto Martinez euskarari buruz esaten ari dena ikusita.
Benetan ez zuen topatu Imanol Pradales lehendakariak 2024an euskararekin sentsibilitate pixka bat zeukan beste inor? Zutabegile hau ez da proposatzen ari Euskaltzaindiako ohorezko euskaltzain bat izendatzea Osasun sailburu, baina bai euskara zefalopodo abisalak baino gehiago estimatuko duena.
Martinez sailburuaren azken harribitxiak igandean BERRIAko elkarrizketan topatuko ditugu. Aitortzen du ez dakiela euskaraz, eta, euskaltegira joango ote den galdetuta, erantzun du ez daukala denborarik, baina egunero hitz bat ikasten duela. Eta, behin animatuta, elkarrizketa berean pontifikatu egiten du euskarak Osakidetzan daukan egoeraz: errua kanpotik datozen egoiliarrena da. Berea eta berak bezala soldata publiko potoloak etxeratzen dituztenena ez da. Harrapazank!
Osakidetzak euskara planak egiten adina urte daramatza Martinezek bizkarra ematen plan horiei; eta, euskarari ematen diogun garrantziaren erakusgarri, sailburu izendatu.
Datorren Euskaraldian Martinezek txapa jarriko du paparrean.