Osasun munduko terminologia erabilita, «nolako diagnostikoa, halako tratamendua». Eta hori da Jaurlaritzak deituta atzo eratu zuten mahaira bildu ziren eragileek gaixoari egin behar dioten aurreneko erradiografia, eta uste badute arazoa azaletik begiratuta ikusten den baino larriagoa dela eta azterketa sakonagoa eta zehatzagoa behar duela, OTA bat (Ordenagailu bidezko Tomografia Axiala) egin beharko diote. Ez badago adostasunik diagnostikoan, nekez etorriko dira bat tratamenduan, eta, ondorioz, ez dute gaixoa sendatuko.
Zoritxarrez, pertsona gaixo batzuekin jazotzen den legez, diagnostikoa ez da urruti ibiliko disfuntzio multiorganikotik, eta, neurri batzuk hartzen ez badira, disfuntzio multiorganikotik kolapso multiorganikora igaroko da. Hori da, behintzat, Osakidetzako profesional askok eta erabiltzaile dezentek uste dutena. Horrek ez du esan nahi kaosak harrapatu duenik Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarren osasunaz arduratzen den erakundea, baina koadro kliniko konplexua dauka, besteak beste urteak daramatzalako gaixoak «medikutara joan? Primeran nago ni» harroki esaten.
Profesionalen eskasia —Europan bezalaxe—, behin-behinekoen kopuru handia, daudenen motibazio falta, lagunkeria arduradunak aukeratzeko orduan —oposizioen filtrazioen auzia—... Luzea da zerrenda.
Alegia, Osakidetzak daukan arazoa ez dela konpontzen Betadine emanda.