Andoni Ortuzarrek ez zuen segitu nahi, eta Aitor Estebanentzat —irrati batean egindako elkarrizketan esan zuenez— ohorea izango zen bera EAJko lehendakari izatea. Lehenago adostu besterik ez zeukatela pentsatuko du batek baino gehiagok, baina alderdietan logika, batzuetan, beste bide bihurgunetsu batzuetatik joaten da.
Estebanek irratiko elkarrizketa hartan esandakoa beste helbururik ez zeukan iruzkin bat izan zen, edo lasterketaren hasieraren lehen urratsa, alegia, bere hautagaitzaren aurkezpen ekitaldia? Jokaldia osatzeko, adierazgarria izan zen, era beran, Itxaso Atutxak politikaren lehen lerroa uzteko erabakia, oso hautagai egokia baitzen alderdiko lehen emakumezko lehendakaria izateko. Bi gertakizunak —Atutxak uztea eta Estebanen hautagaitza— lotuta ote dauden haiek argitu beharko dute.
EAJk lehentasunezko akordioak PSE-PSOErekin dauzka aspaldiko hamarkadetan, eta ez du ematen ia seguru presidente berria izango denak jokabide horren aldaketa bultzatuko duenik. Eusko Legebiltzarrean egunen batean landu beharko duten estatutu berriaren lanketak proban jarriko du elkarlan horren sendotasuna.
Ez dio lan makala utzi Ortuzarrek Estebani. Urte askoan alderdi nagusia izan denak beheranzko joera nabarmena hartu du azken hauteskundeotan, justu EH Bilduk gorakoa hartu duen une berean.