martxelo otamendi

Ortuzarren etorkizuna

2025eko urtarrilaren 15a
05:00
Entzun

Espekulazio askoren iturria izan da azken bi urteotan EAJko lehendakari Andoni Ortuzarren etorkizuna, egun batean EBBtik kanpo ikusten baikenuen, eta barruan hurrengoan. Alderdiaren egituretako arduradunak berritzeko prozesuan, aukeratuta daude herrialdeetako zuzendaritzak eta berauen lehendakariak. 

Alderdia gidatuko duen lehendakaria aukeratzea falta da, eta hautagai alternatiboaren arrastorik ez dago, ez duelako erraza izan behar inork bere burua aurkeztea aurrez jakin gabe Ortuzar aurkeztuko den edo ez. Alderdiko lehendakari izateko hautagairik ez da faltako Ortuzarrek uztea erabakitzen badu, baina ez du ematen erabaki hori hartuko duenik.

Zaila dauka, nahi izanda ere, ez segitzea. Eusko Jaurlaritzako lehendakari berria —Imanol Pradales— behin aukeratuta, eta kontuan izanda aurrekoa —Iñigo Urkullu— erretirora bidaltzeko erabakian Ortuzarrek ardura handia eduki zuela, ez litzateke ulertuko ez segitzea. Erantsi horri bi lehendakariak —Eusko Jaurlaritzan eta EBBn— denbora bertsuan aldatzea ez dela ondo ezkontzen alderdiak horrenbeste maitea duen egonkortasunarekin.

Beste arrazoi bat, oso garrantzitsua, Ortuzarrek ez uzteko. Estatutu berria taxutzeko alderdi arteko bileren prozesua berak abiatu du, eta, inoiz bukatzen bada, berak bukatzea litzateke logikoena eta serioena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.