Benito Lertxundik jendaurrean kantatzeari utziko dion iragarpenak bat baino gehiago utzi du beti penetan.
Ibilbide luzea egin du Orioko miru ilehoriak —60 urte, erraz esaten da—, bere kanta dotoreen letra landuen bidez milaka lagun eraman ditu irudimenezko bidaietan Erriberatik Atharratzeko Gaztelura, madarikatuek baztertu zuten Baldorbatik barrena. Kaiolan bizitzeko sortuak ginela sinetsarazi nahi zigun Francoren diktadura garaian, 1965ean, hainbat kantarik sortu zuten Ez Dok Amairu talde ausart eta berritzailearen partaide izan zen; eta txori txikia izan zenetik suitzar erlojugilearen zehaztasunarekin, ibilbide luzeko txirrindulariaren exijentziarekin eta arrantzalearen pazientziarekin aukeratu ditu gure herriko oroimen kolektiboan iltzatuta geratu diten kantak eta doinuak.
Denbora luzea igaro zuen Lertxundik zenbat garen galdetzen, elkar joka bukatuko genuen beldur. Ez zen urruti ibili iragarpena egiteko orduan. Erregearen zerbitzua kita genezan bultzatu gintuen, zuberotarren nortasuna ezabatu nahi zuten jauntxoen aurka altxatu zen Matalaz apaizaren azken hitzak ezagutaraztearekin batera. Bizkaia maiteari kantatu aurretik hori dena.
Agian, agian egun batez beteko ditugu Lertxundiren hitzek iradoki dizkiguten nahiak: Libre jaio gara, libre izateko, eta ez loturik egoteko.