Hasiera txarra litzateke otsailaren 18an Galizian egingo diren hauteskundeak inoizko garrantzitsuenak direla esaten hastea. Baina garrantzi handikoak badira, harreman estua daukatelako Espainiako egoera politikoarekin eta, bereziki, PSOEk eta PPk agendan dauzkaten bi borrokaldietatik lehena delako. Bigarrena, europarlamenturakoak, ekainaren 9an.
Espainian PSOEk eta PPk daukaten norgehiagoka hori ez da, galego askoren zorionerako, era mimetikoan errepikatuko Galizian; bien erdian eta indar handiz, Galiziako autodeterminazioaren alde dagoen Bloque Nacionalista Galego (BNG) sartu delako, indarrez sartu ere. Azken hauteskundeetan aise lortu zuen PPk gehiengoa: 42 eserleku. BNGk 19 lortu zituen, eta PSGk 14. Galicia en Comun-Mareas-Annova multzoa parlamentutik kanpo geratu zen, nahiz lau urte lehenago 16 parlamentari edukita bigarren indarra izatera heldu.
BNG da PPri gehiengoa kentzeko indarrak batu ditzakeen alderdi bakarra, PSGri kalte egiten baitio PSOEk Espainian erakusten duen ahuleziak. Inkestek PPren garaipen sendoa aurreratzen dute, eta oso aukera txikia ematen diote oposizioari gehiengoa urratzeko.
Kanpaina hasi besterik ez da egin. PPk nahikoa izango du egunotan hanka sartze larria ez egitearekin hurrengo lau urtekoan Raxoi jauregian segitzeko.