Kurduen buruzagi Abdullah Ocalanek agiri baten bidez eskatu dio kurduen erresistentziaren erreferente nagusia den PKK alderdiari bertan behera uzteko jarduera eta borroka armatuari bukaera emateko, eta eskaerak jende asko utzi du aho bete hortz, eta ez bakarrik Kurdistandik kanpo. Datu asko falta zaizkigu jakiteko eta aztertzeko zer dela-eta egin duen urrats hori mundu osoan kurduen aurkako zapalkuntzaren ikurra den Ocalanek. Kurdistango Langileen Alderdiko (PKK) kide garrantzitsua da 1978an sortu zutenetik, eta alderdiaren estrategia erabaki duena.
Israeldarrek —estatubatuarren laguntzarekin— Kenyan 1999an bahitu zutenetik daukate espetxean Ocalan, bakartuta, eta tratu zitala emanez. Haren senideek ere urte batzuez ez dute jakin turkiarrek non zeukaten giltzapean.
Goiz da oraindik jakiteko zer dagoen erabaki horren atzean, eta galdera asko sortzen ditu egin duen deiak. Erabaki pertsonala da, edo kurduen mugimenduaren beste eragileekin kontsentsuz hartutakoa da? Alde bakarrekoa da, edo azkenaldian Turkiarekin egondako hartu-emanen ondorioa da, egon badira? Zer espero dezakete kurduek Turkiako buruzagiengandik borroka armatua uzteko Ocalanek egin duen deiaren ordain? Zer eragin edukiko du Ocalanen erabakiak Turkiatik kanpo —Siria…— borrokan diharduten gerrilla kurduengan?
Ea zer iristen den hurrengo egunetan Kurdistandik.