Rosa Zarraren kasua, beste askorenak bezala, argigarria da erakusteko zein errespetu gutxirekin landu dituzten gure herriko erakunde nagusiek gorputz polizialek eragindako biktimak. Lehendabizi agintarien gezurra, eta gezurra esan ondoren egia ukatu, eta behin jabetuta gezurra ezin zutela denbora gehiagoz luzatu, ahaztura, biktima horiek existituko ez balira bezala tratatu. Hamarkadak horrela. Komando Autonomoetako lau kideren auzia itzuli zen herenegun ostera komunikabideetara, Rosa Zarrarena atzo… eta oraindik falta direnak.
Ezker abertzalearen eta haren ingurukotzat jotzen zen munduaren aurka dena egitea libre zen garaia zen, poliziek barra librea zeukaten nahi zutena egiteko, beti edukiko zutelako beren arduradun politikoen babesa; eta kasuren bat auzitara iritsiz gero, salbuespen batzuk izan ezik, epaileak, fiskalak eta auzi medikuak zeuden ikerketaren gainean lurra botatzeko.
Nork hil zuen Rosa Zarra, 1995eko ekainean Donostian egindako kontzentrazio hartan? Ertzaintzak. Nahita? Ez. Baina ertzain batek hil zuen. 2010eko martxoan tiroketa izan zen Paris inguruan ihesean zihoazen etakideen eta segika zihoazkien polizia frantziarren artean. Etakide batek, hiltzeko asmorik gabe, tiroa bota eta Jean-Serge Nerin polizia hil zuen.
Nerin ETAk hil bazuen, Rosa Zarra Ertzaintzak hil zuen.