Espero genuenean ez zen hil, eta espero ez genuenean hil da Eliza katolikoaren buru Frantzisko aita santua. Aurreko aita santu ultrakontserbadoreak —Karol Wojtyla eta Joseph Ratzinger— pairatu dituztenek balorazio ona egingo dute Jorge Mario Bergogliok bere hamabi urteko agintaldian egindako aldaketez. Askoz gehiago egin zezakeela iritziko diote, aitzitik, belaunaldi gazteek, ulertezina egiten zaielako iraganean horren iltzatuta dagoen erakundearen izaera: emakumeen berdintasunik eza, estatu ofiziala izatea…
Harreman txarra —hotza, urrutikoa— eduki du hasieratik aita santu hil berriak Espainiako Gotzainen Batzarrarekin, hark egin nahi zituen aldaketak oztopatu zituztelako. Nazioarteko bidaia asko egin dituen arren —65 baino gehiago—, talka horrengatik ez da sekula Espainiara joan. Eta Espainiara ez bazen joaten, ezin izan zion baiezkoarekin erantzun Iñigo Urkullu lehendakariak Loiolara etortzeko egindako gonbidapenari.
Non topatuko dute kardinalek aita santu berria? Kardinal italiarren presioari amore emanda indarra galtzen ari diren Italian edo hazten ari diren Asian?
Ingelesez pope da, pape frantsesez eta papa gaztelaniaz. Zergatik erabiltzen dugu euskaraz aita santua izen pontifizioa? Beste hizkuntza horietan oso-oso fededunek bakarrik erabiltzen dute: holy father, saint pere eta santo padre.