martxelo otamendi

Noiz utziko dio Vatikanoak estatu izateari?

2025eko apirilaren 23a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Mexikok ez zuen harreman diplomatikorik eduki Vatikanoarekin 1861etik 1992ra arte; alegia, Mexikok ez zuen enbaxadorerik eduki Vatikanoan, eta Vatikanoak ez zuen nuntziaturarik eduki Mexiko Hirian. Eta ez zen izango Mexikon katolizismoak jarraitzaile gutxi zeuzkalako; izan ere, mexikar gehienek lotura zuzena edo zeharkakoa eduki dute erlijio horrekin, eta fededunak direnak oso sutsuak dira. 2020an egindako erroldan mexikarren %77,70ek katoliko zirela erantzun zuten; datu horren arabera, Brasilen ondoren, katoliko kopururik handiena daukan bigarren estatua da Mexiko: 97 milioi.

Horren herrialde katolikoa izan arren, mende luzean Mexikoko agintariek argudiatu zuten bereizi egin behar zirela eliza eta estatua, eta aurrenekoa botere espirituala zenez ez zegokiola estatu izatea.

Asko hitz egin da Frantzisko aita santuak Eliza katolikoaren agintari nagusia izan den bitartean egin dituen aldaketez eta egin nahi izan eta egiten utzi ez dizkioten aldaketez. Asko aipatu zituen aita santuak umiltasuna eta apaltasuna, herri xehearengandik gertu egotea… baina planteatu al zuen inoiz guztiz ulergaitza eta anakronikoa dela Vatikanoa estatu bat izatea, eta horren ondorioz nazioarteko erakundeetan ordezkaria eta botoa daukan kide izatea?

Hori bai litzateke iraultza, ez egunotan aipatu diren aldaketak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.