Donald Trumpek 2016an AEBetako presidentetzarako hauteskundeak irabazi zituenean, maiz salatu zuten hainbatek hauteskunde haietako emaitzan eragin handia eduki zutela Trumpen alde Errusiaren aginduetara jardun zuten cracker-ek; alegia, AEBetako herritarrei era masiboan bots-en bidez bidalitako mezuek botoa baldintzatu zutela, Hillary Clinton demokraten hautagaiaren kaltetan. Aurtengo kanpainan ez dago errusiar cracker-en eta bots-en arrastorik.
Aurtengo kanpainan kanpo faktorea Israelen dago, eta ez Errusian, 2016an inoiz egon bazen. Bistan da Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk Vladimir Putin nahi duela agintean Moskun, eta Trump Washingtonen. Duela aste batzuk, Joe Bidenek eta Emmanuel Macronek, elkarrekin adostuta, hiru asteko su-etena eskatu zieten Israeli eta Hamasi, azaroaren 5eko hauteskundeen aurreko hiru asteetan egiteko.
Netanyahuk berehala ikusi zuen proposamenaren benetako helburua zela demokratak hauteskundeetara Palestina eta Libano lasaituta iristea, hiru aste horietan Israelek genozidioa etenda. Demokratek argi daukate Kamala Harrisek lan handia edukiko duela boto emaile gazte aurrerazaleen botoa jasotzeko, Israelek, Biden demokrataren laguntzarekin, beste bi herrialdeak sarraskitzen segitzen duen bitartean.
Hauteskunde egunerako hamar egun falta direla, erne Netanyahuk Trumpek irabaz dezan egin dezakeenarekin. Asko dauka jokoan.