Antizikloi batzuk bezala, Europatik iritsi da baserritarrak —nekazariak, abeltzainak...— kalera irteteko deialdia. Gurean, Iparraldekoak irten ziren lehendabizi, eta Hegoaldekoak ondoren; ez, zoritxarrez, deialdi bakar batean.
Asteon irten dira kalera egiten dakiten modurik ikusgarrienean, traktoreak etxaldetik asfaltora aterata, eta denok jakin badakiguna gogoratzera, hau da, baserritarrak behar ditugula, eta haiek gabe kalekumeok ez daukagula elikatzerik. Azkar ahaztu zaigu gutako askoren birraitona-birramonak baserritarrak zirela. Gero eta baserritar gutxiago daude, dedikazio handia eta gogorra eskatzen duelako, ahalegina-irabazia bikotea oso desorekatuta daukalako eta produktuaren katean katebegirik ahulena delako. Ez da, konparazio batera, hori bera gertatzen industrian; auto ekoizlea, adibide bat jarrita, ez da katebegirik ahulena.
Pozgarria izan da sektorearentzako irtenbide integrala eskatzeko egin diren mobilizazioetan gazteak ikustea, baserria kontserbadorea eta konforma erraza den iraganeko ideia irauliz.
Osasuntsu bizi gaitezen, elikagai garbiak —barazkiak, potajeak— eta ez prozesatuak jateko esaten digute sendagileek, eta zero kilometrokoak izatea eskatzen ekologistek, ez zaie arrazoia falta.
Nola, baserritarrik ez badago?