martxelo otamendi

'Mozal legea'

2024ko uztailaren 20a
05:00
Entzun

Polizien sindikatuei men eginez, eta segurtasunari buruz PPk daukan ikuspegi gogorrari leial izanik, mozal legea onartu zuen Espainiako Kongresuak 2015ean, PPren gehiengoarekin: herritarrentzako berme gutxiago eta kontrolik gabeko boterea polizientzat.

Espainiako presidente Pedro Sanchezek agindu zuen Moncloara iritsitakoan legea indargabetuko zuela, eta hori bera eskatu zioten presidente izateko babesa eman ziotenek. Bere burua ezkerrekotzat jotzen duen gobernuaren lotsarako, legeak indarrean segitzen du.

Legearen aurretik, justiziak erabakitzen zuen zein zigor jarri segurtasunarekin zerikusia zeukan arau bat arinki ustez urratu zuen herritarrari: jakinarazi gabeko manifestazioan parte hartzea, poliziari bere ustez errespetu faltarekin hitz egitea... Behin legea onartuta, poliziak zuzenean jartzen dio isuna herritarrari, eta horrek gero justizian jarri behar du helegitea, horrek daukan gastuarekin.

Legearen ondorioz, herritarrek debekatuta daukate —eskandalua da— manifestarien aurka muturreko indarkeriaz ari den poliziaren irudiak zabaltzea. Alegia, lehen begiek ikusten zutena konta zezakeen herritarrak inolako arazorik gabe komunikabide batean; orain, komunikabideek eman ditzakete irudiak, baina herritarrek ezin dute ikusitakoa kontatu irudiok sareetan zabalduta.

Legea ezabatu ez, baina artikulurik murriztaileenak kenduko dituztela aurreratu du gobernuak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.