martxelo otamendi

Motozaleen indarra Venezuelan

2024ko uztailaren 31
05:00
Entzun

Autoa erosteko ezintasun ekonomikoaren ondorioz, motoa oso ibilgailu popularra da herrialde latinoetan, gazte askoren alternatiba bakarra baita hirian barrena mugitzeko.

Etxera soldata txukun bat eramateko moduko lanik topatzen ez duten gazte asko mototaxista dira Venezuelan. Bi interesen uztarketa: herritar xumeak ezin du taxia ordaindu, eta gazteak ezin du autoa erosi. Eskola publikoko irakasleak halako bi edo hiru irabazten du motozale batek. Armada zibila esaten diete Caracasen, ezer gertatzen ez denean haien lana egitera mugatzen dira, baina agintariekiko haserrea erakutsi behar denean, aurrenekoak dira kalera ateratzen. Horrela egin zuten astelehenean.

Caracasko Petare auzoa bigarrena da tamainan Hego Amerikako auzo txiroetan. Baliabide gutxiko herritarren auzo horretan piztu zen astelehenean Maduroren gobernuak hauteskundeetan egin zuen ustezko iruzurraren aurka sortu ziren mobilizazioen txinparta: «Petare ateratzen ari da», izan zen gerra oihua. Ehunka motozale abiatu ziren auzotik erdigunera, eta milaka batzuk batu zitzaizkien bidean.

Maduroren aurkako oposizioak ez ditu begi onez ikusten motozaleak; ondo datozkie gobernua higatzeko, baina badaki ez direla haien kastakoak.

Etorkizunik ezaren aurka mobilizatzen dira motozaleak, ez oposizioaren alde. Igual egingo dute, inoiz Maria Corina Machado presidentea bada.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.