Hoztuta segitzen dute Mexikoren eta Espainiako Gobernuaren arteko harremanek, Mexikoko presidente Andres Manuel Lopez Obradorrek 2019an harreman horiek izoztea erabaki zuenetik.
Azkenaldian apaldu egin da duela urte batzuk Hego Amerikako zenbait herrialdetan Espainiak XVI. mendetik aurrera lur horietan egin zuen konkistari interpretazio kritikoa egiteko sortu zen gizarte mugimendua. Espainiako historiagileek mendetan konkistari egindako irakurketa apologetikoa baztertu, eta milioika hildako eragin zuen sarraskia izan zela salatu zuten.
Ordura arte akademiaren esparruan egindako irakurketa horrek kalera eta plazara egin zuen jauzi: manifestazioak, konkistatzaileen estatuak bota, kale izenak aldatu, ohorezko izendapenak ezabatu... Giro horretan exijitu zion Lopez Obradorrek Espainiako errege Felipe VI.ari barkamena eska zezala adierazpen ofizial batean. Espainiarrak ez zion erantzun ere egin, eta, ondorioz, Mexikok hoztu egin zituen harreman ofizialak; gaur arte epeldu gabe segitzen dutenak.
Atzo ezagutu genuen izotzaldiaren azken kapitulua, oraingoz. Lopez Obradorren sokako Claudia Sheinbaumek irabazi zituen presidentetzarako hauteskundeak ekainean. Sheinbaumek urriaren 1ean dauka kargua hartzeko ekitaldia, eta ez du Felipe VI.a gonbidatu. Erabakiarekin haserre, Espainiak ez du ordezkaritza bidaliko.
Mexikoko golkoko korronteak Europako kostaldea berotzen du, Madrilgoa salbu.