Nabarmentzekoa da urtean emakume kopuru ikaragarria —hamar egunean— hiltzen duen estatuan, Mexikon, igandean egin berri diren presidentetzarako hauteskundeetan bi hautagai nagusiak emakumezkoak izatea: Claudia Sheinbaum aurrerazalea, eta Xochitl Galvez kontserbadorea. Aise irabazi dio lehenak bigarrenari, Galvezek halako bi lortu baitu Sheinbaumek.
Indarkeria politikoaren datuak ere beldurtzekoak dira herrialdean. 30 hautagai baino gehiago hil dituzte presidenteaz gain beste herri erakundeetako ordezkariak ere aukeratu dituzten hauteskundeotako kanpainan. Munduan politikari gehien hiltzen dituzten herrialdea da.
Urteak daramatza Mexikok huts egitear dauden estatuen zerrendaren lehen postuetan. Hamarkadak igaro ditu PRI alderdi ustelaren gobernuekin, eta atzetik etorri diren gobernuek ez dute lortu narkotrafikoak eta gaizkile talde antolatuek gizartearen esparru guztietan sortu duten konplizitate sarea deuseztatzea. Estatuaren pare dago jarrita narkotrafikoa, etengabe erronkan, estatuaren funtzionamendua arriskuan jartzeraino.
Lan handia dauka, urteetakoa, politikari ustelgaitzen belaunaldi berriak herrialdea estatu normalizatuen parametroetara eramaten. Kostako zaio, hauteskundeetan asmo oneko promesak aireratzea baino zailagoa delako egiturazkoa den normaltasun eza konpontzea.
Mexiko ederrak merezi du.