martxelo otamendi

Merkelen lehen abisua

2025eko otsailaren 1a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Isilik egon da 2021ean Alemaniako kantziler izateari utzi zionetik, eta, orduz geroztik, oso gutxitan zabaldu du ahoa bere ondorengoak egiten ari direnari buruz iritzia emateko. Ez zuen asko hitz egiten Angela Merkelek, Alemaniako kantzilerrak, gobernuburu izan zen hamasei urteetan, eta bide beretik segitu du ardura nagusia laga zuenetik. Alemanian ez ezik, Europan ere botere handia zeukan, eta Europako Batasunean ez ziren hartzen hark maite ez zituen erabakiak.

Ahalegin handia egin zuen Alemaniako gainerako alderdiek —ezkerretik eskuinera— marra gorria ezar ziezaioten azken hamarkadotan hazten ari zen eskuin muturrari. Horregatik hartu du Merkelek oso gaizki bere alderdiak —CDUk— eskuin muturraren boto babesa onartzea migrazioa onartzeko baldintzak gogortzea proposatzen duen mozioa aurrera ateratzeko Bundestagen, Alemaniako Legebiltzarrean.

Gogor kritikatu du Merkelek bere ordezko Friedrich Merz; argi esan dio huts larria izan dela mozioari eustea jakinda eskuin muturreko AfDk, Alemaniarentzako Alternatibak, bakarrik egingo zuela alde. Merkelek uste du CDUri eta Merz hautagaiari kalte egingo diela eskuin muturrera, hau da, inkesten arabera otsailaren 23ko hauteskunde orokorretan bigarren izango den taldera hurbiltzeak.

Abisu gutxi ematen ditu Merkelek; eman dio lehena Merzi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.