martxelo otamendi

Masifikazioa sagardotegietan

2025eko urtarrilaren 31
05:00
Entzun

Sagardotegi garaian sagardotegietara asteburuetan joaten direnak bereziki sagarraren mama gozoaz gozatzera doaz, aho zapore desberdinak dastatu eta goi mailako esperientzia bat bizitzera… edo lagun arteko festa jendetsu eder bat —horrek esan nahi duen guztiarekin— egitera joaten dira? Hileta da jende multzo batek zarata sortzen ez duen leku bakarra.

Hamarretik bederatzi ondo pasatzera doaz, eta ondo pasatu nahi duen jendeak zarata ateratzen du, jende pilaketak eragiten ditu, eta, zoritxarrez, batzuetan marra gorria igarotzen dute, sagardotegietan eta herriguneetan.

Irtenbidea? Zaila, urteak daramatzatelako herri horietako sagardotegien eremuko herritarrek eta udalek alarma jotzen. Kanpaina joan eta kanpaina etorri, okerrera egin du. Larunbat gaueko giroa gaiztotzearen ondorioz eguerdiko bazkariak hartu du indarra, denboraldia hasi aurretik larunbat eguerdiko mahai erreserba guztiak agortzeraino. Aldaketak ez du kaltea lasaitu.

Astigarragako eta Hernaniko udalek, masifikazioa arindu eta elkarbizitza samurtzeko, eskaintza desestazionatzea proposatu dute. Ez da erraza berrehun leku dauzkan sagardotegi bateko jabeari ehun bakarrik eskain ditzala eskatzea, noiz eta denboraldia bere unerik etekintsuenean dagoenean.

Masifikazioa jaisteko modu bakarra eskaintza nabarmen murriztea da. Nor dago prest?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.