Zergatik askoren ustez ezinezkoak ematen duten ideiek lortzen dute arrakasta, eta arrakasta segurua edukiko dutela ematen duten beste ideia batzuk porrota dira lehen unetik? Galdera horrek ezin du eduki erantzun magikorik, faktore desberdin askok marrazten dutelako arrakastaren eta porrotaren arteko muga.
Erotzat hartu zituzten AEK-ko koordinatzaileen bilera batean Urtza Errazti eta Joseba Kanpo irudimentsuak bilerara bildutakoei Korrikaren proposamena egiten hasi zitzaizkienean. Txalo gutxi jaso zuten lehen unean, martetarrek egindakoa zelakoan. Erraztik eta Kanpok, Korrikak edukiko zuen arrakastaren igarle, ez zuten amore eman, eta aurrera segitu zuten.
Gaur egun, zorionez, martetarrak ez dira Korrikan parte hartzen dutenak, ekinaldia ez babesteko aitzakia bila dabiltzanak baizik. Hasierako sinesgaiztasuna eta ondoren erakunde publiko batzuek egindako boikota pazientziarekin gaindituta, euskararen aldeko ekinaldirik sendoena eta erakargarriena da, gure mugetatik kanpo haien hizkuntza gutxituen alde diharduten taldeen harridura eta miresmena sortzen duena. AEKren meritua.
Horrezaz gain, atzerriko euskal komunitateek haien hirietan antolatzen dituzten dozenaka erreplika daude. Iragan larunbatean, 400 lagunek egin zuten herri bazkaria Bartzelonan, Korrikan kilometro batzuk egin ostean.