martxelo otamendi

Maduroren bakardadea

2024ko uztailaren 26a
05:00
Entzun

Kostatzen ari zaio 2013tik Venezuelako presidente eta chavismoaren erreferentzia nagusi den Nicolas Madurori Hugo Chavezen ordezko zirkunstantziala izateak sortutako estigmaz askatzea. «Hau ez da Chavez», entzuten da sarri. Minbizi azkar baten ondorioz hil zen Chavez, 2013ko martxoan. Aurretik, Maduro izendatu zuen ordezko.

Urte asko igaro diren arren, ematen du Chavez dela oraindik erreferente nagusia; Madurok etengabe aipatzen duelako mitinetan, eta kanpainako euskarri askotan bien argazkiak erabiltzen dituztelako. Urteen poderioz, babesa galduz joan da chavismoa, baina galerarik handiena kontinentean jasan du.

AEBetako kanpo arreta Hego Amerikatik ekialdera —Irak, Iran, Afganistan— pasatu zela ohartuta, Chavezek ondo baliatu zuen nazioarteko paradigma aldaketa hori ordura arte AEBen mendeko herrien emantzipazio politikak inguruko herrialdeetan hedatzeko, bolivarismoa. ALBA taldea sortu zuten politika berriak koordinatzeko: Venezuela, Bolivia, Ekuador, Nikaragua eta hainbat herrialde txiki. Horrek babes handia eman zion chavismoari.

Bakardade diplomatikoa da gaur egun Madurok daukan kanpo arazo nagusia, Hego Amerikako ezkerreko azken urteotako buruzagiak oso kritiko baitira Madurok askatasun formalak murrizteko daukan jarrera gogorrarekin. Uruguaiko Pepe Mujika, Luiz Inacio da Silva Lula brasildarra, Gustavo Petro kolonbiarra, Gabriel Boric txiletarra...

Chavezek ez zuen erretzen, Madurok bai.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.