Bihar argituko da nork irabaziko dituen urteetako negoziazioen, elkarrizketen, akordioen, akordioen hausturen, nazioarteko bitartekaritzen... ondoren Venezuelan presidentea aukeratzeko hauteskundeak. Mutur banatan dauden bi eredu lehian: Nicolas Maduro edo Edmundo Gonzalez.
Jarraitzaileei animoa emateko helburuarekin oposizioak zabaldu dituen inkestak ez dira sinesgarriak, hogei punturen aldea ematen baitiote Gonzalezi. Emaitza mobilizazioetara joandako jendeak erabakitzen badu, nabarmen irabaziko du Madurok, jendetza bildu baitu ekitaldietan. Oposizioak ezin izan ditu erabili, Madurok egin duen bezala, estatuaren azpiegiturak kanpainarako —doako garraioa, langileen baimena, telebista publikoa...—. Aitzitik, oposizioak AEBetako dirua eduki du, eta inguruko herrialdeetako komunikabideen babesa; Madurok, aldiz, ez.
Arazo larri bat edukiko du oposizioak bihar. Azken urteotan egoera oso larria zelako atzerrira joandako milioika herritarretatik —zenbat? hiru, bost...— bakarrik 64.000k eskatu dute botoa emateko aukera. Venezuela utzitako gehien-gehienak Maduroren aurkakoak direnez, milioika boto galduko ditu oposizioak. «Kontsuletxean lan egiten dugunok bakarrik eman diogu gaur botoa Madurori», aitortu zion zutabegile honi, etsipenez, Venezuelak 2013ko apirilean Bilbon zeukan kontsul jatorrak.
Egiaztatuta: Habanan eta Bogotan bezala, Caracasen ere taxilariak oposiziokoak dira.