martxelo otamendi

Macronen indar ahula

2024ko irailaren 10a
05:00
Entzun

Hauteskundeak aurreratzea beti da arrisku handiko kirola. Espainiako azkenekotan ondo atera zitzaion Pedro Sanchez sozialistari jokaldi ausarta. Oso emaitza txarrak atera berri zituen PSOEk iazko maiatzeko udaletako eta hainbat autonomiatako hauteskundeetan, eta, kasinoan diru guztia zenbaki batera jokatzen duen jokalari suizidak legez, karta batera jokatu zuen bere etorkizun politikoa. Ondo atera zitzaion jokaldia, ozta-ozta baina, eta Moncloan segitzen du.

Kataluniako lehendakari Pere Aragonesek antzeko jokaldia egin nahi zuen, Juntsekoak koalizio gobernua utzi, eta parlamentuan oso gutxiengo txikian utzi zutenean: 33 parlamentari 135 dituen legebiltzarrean. Gaizki irten zitzaion kalkulua Aragonesi, eta PSCko Salvador Illa da Kataluniako presidentea.

Bide beretik jo zuen Frantziako presidente Emmanuel Macronek, aurtengo ekainera eta uztailera aurreratu baitzituen Asanblea Nazionalerako hauteskundeak, 2027an amaitu beharko zukeen legealdi bukaerara bere alderdia indarge iritsiko zen kalkulua eginda.

Europako beste herrialde batzuetan ez bezala, Frantziako presidenteek erabakimen handia daukate, lehen ministroa oso bigarren mailan utzita. Hartarainokoa, hauteskundeak ezkerreko koalizioak irabazi arren —NFP, Fronte Popular Berria—, Michel Barnier eskuindarra izendatu du Macronek lehen ministro izateko, ezkerraren hautagai Lucie Castets sozialista baztertuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.