martxelo otamendi

Macronen fereka diplomatiko zailak

2024ko azaroaren 1a
05:00
Entzun

Aljeria daga diplomatikoa zorrozten jarri du Frantziako presidente Emmanuel Macronek Marokon astelehenean hasi eta asteazkenean bukatu zuen bidaiak. Elkarren artean oso gaizki konpontzen diren bi lagunen lagunak eduki ohi duen arazoari egin behar dio aurre Parisek, eta ez daki ongi nola egin, ez duelako bietako bat ere haserretu nahi. Baina suminduta dago Aljer, bekaizti eta jeloskor, Rabatek Macroni egin dion ongietorriaren tamainagatik, eta lotutako akordioengatik. Marokon inbertitzea adostu duen dirua —10.000 milioi euro— ez duelako Parisek sartuko Aljerian.

Aspaldikoa da bi herrialdeen arteko harreman txarra, 1994an —bi hamarkada lehenago Maroko Saharaz jabetu izanaren ondorioz— Aljeriak Marokorekin daukan muga itxi eta harreman diplomatikoak ia hutsera murriztu zituenetik. Ez da bi herrialdeen arteko gatazka arrazoi bakarra, baina esanguratsuena da; Afrikan Sahara independentearen babesle nagusia Aljeria delako. Hori aski ez, eta 2020an Marokok harreman diplomatikoak normalizatu zituen Israelekin, eta 2021ean espioitza afera egiteagatik salatu zuen Aljeriak Maroko.

Macronen aurreko frantziar presidente guztiak ere kontu handiarekin ibili dira Maroko eta Aljeria lotzen dituen kable finaren gainean orekari ezin eutsiz, ezinezkoa delako biak gustura edukitzea.

Hurrengo fereka diplomatikoa Aljeriari egitea tokatzen zaio Macroni, edo haren ondorengoari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.