Alarmak piztu ditu Frantziako presidente Emmanuel Macronek frantses hizkuntzaren Akademian —hizkuntza horren hiztegi berriaren aurkezpen ekitaldian— esan duenean erregioetako hizkuntzak Frantziako nazioa zatitzeko faktorea izan direla. Dudatan geratu da Macron lehenaldian ari zen, edo lehenaldi jarraituan. Erran nahi baita, orain ere hizkuntza horiek ba ote diren bere ustez Frantziako batasun saindua urratzeko tresnak.
Zer beldur ote die Macronek mendeetan –ikusi Bizkarsoro filma— nahita zokoratu eta debekatutako hizkuntzei. Frantzia administratiboaren barruan hitz egiten diren erregio hizkuntzetatik bat bera ere ez dago osasun egoera onean. Hizkuntza horien alde —bretoiera, katalana, okzitaniera…— lanean ari diren gizarte taldeek hamarkadak daramatzate salatzen hizkuntza horien ahulezia, hiztun kopuruaren jaitsieran eta produktu eskasian oso ondo islatzen dena.
Modu bakarra dago Macronen adierazpen horiei aurre egiteko. Lana. Atzo egin zuena egunkari honek Baionan, egoitza berritua aurkeztearekin batera Ipar Euskal Herriko Hitza astekariaren proposamen berritua plazaratzea, paperean aldizkari formatua hartuta eta webgunean.
Ez dago beste biderik, haserre gaitezke, baina ez badugu ezer egiten bost axola gure haserrealdiak Macroni, eta bera bezala pentsatzen duten guztiei.