Aurtengo biak zenbatu gabe, 125 emakume eta 12 ume hil ditu indarkeria matxistak Euskal Herrian 2003tik, BERRIAk indarkeria matxistari buruz daukan webgune argigarriaren arabera. Hildako emakume bakar bat ere ikaragarria da, onartezina delako gizonezko batzuek jabetzaren printzipio krudela erabilita pentsatzea emakume baten bizitzaz erabaki dezaketela. Deigarria da emakumearen mina areagotzeko hildako umeen kopurua, hamabi.
Gaur Euskal Herriko eta mundu osoko kaleetan egindako manifestazioetan beste behin salatuko da oraindik asko direla indarkeria matxistaren biktima izateko arriskuan dauden emakumeak; eta, gaitz sozial hori ezabatzeko egindako lana handia izanda ere, asko falta dela oraindik gizonezkoen eta emakumezkoen benetako berdintasuna lortzeko. Asko Mendebaldeko herrialdeetan, eta ikaragarri munduko herrialde gehienetan.
Azken urteotan kezka handia sortu dute errealitateak eta inkestek erakusten dituzten datu harrigarriek: mutil gazte askori sinesgarriago egiten zaizkie sare sozialetan kontsumitzen dituzten mezu antifeministak, urteetan ikasgelan emakumeen eskubideen alde jaso duten lanketa baino.
Begi bistakoa da sare sozialik ez zegoen garaian eskoletan erabilitako metodoak ahul geratu direla matxismo erauntsi berriari aurre egiteko, milaka eduki sortzaileen mezuei aurre egin behar zaielako.