Kontraesan bipolarra daukagu kazetari batzuek; gizakiak garen aldetik, mina sentitzen dugu tragedia larriak gertatzen direnean. Baina, inoiz, gustura ibiltzen gara tragedia horien lanketa profesionalean. Gustura hitzaren adiera profesionalean, ez morboaren adieran.
Bizipen hori erraz ulertuko du irakurleak: ez da bera tragediaren lekuan dozenaka gorputz ikusten ari den kazetariarena eta erredakzio baten bulegoan dagoen editorearena. Lehenari, jasangaitza egiten zaio lana; ez, ordea, bigarrenari.
2004ko martxoaren 11n Madrilen trenetan zihoazen bidaiari anonimoen aurka egin zituzten atentatu lazgarri haiek osagai guztiak zeuzkaten kazetarioi adrenalina profesionala sortzeko, ez zelako ezbehar natural batek —lurrikara, uholdea, sutea...— sortua.
Atentatuak izan eta gutxira, behin zoritxarraren tamaina ikusita, «nork?» galderari erantzun behar genion. Arrapaladan iritsi ziren erantzun kontrajarriak: Juan Jose Ibarretxe lehendakariaren adierazpena ETAri leporatuz, Arnaldo Otegik ezeztatu zuen tesi hori irrati batean, erredakziotik kanpo egindako kontsulta, Otegiren eguerdiko prentsaurreko trinkoa, Espainiako presidente Aznarrek ETA hitza ez aipatzea adierazpenean, jihadisten agiria Londresko arabierazko egunkari batean...
Erantzun zuzenaren bila ibiltzeak duindu egin zigun lanbidea.