Ezaguna zen, zabalduta zegoelako, ETAren armagabetzearen harira oso harreman txarra eduki zutela Eusko Jaurlaritzak eta bakegileek. Baina ETAren armagabetzea diseinatu eta bultzatu zutenek herenegun ezagutarazi zituzten agiriek are argiago uzten dute harreman txarraren nolakotasuna: gezurrak esatea eta informazio faltsua filtratzea leporatzen diote Iñigo Urkullu orduko lehendakariari eta haren taldeari.
Eusko Jaurlaritzak ez zituen inoiz aintzat hartu bakegileak, ez taldeko kideak, ez taldeak ETA armagabetzeko egindako proposamenak. Nola erakutsiko zioten amateur batzuek —horrela hartu zituelako beti— Eusko Jaurlaritzaren tamainako erakunde publiko bati nola egin armagabetzea? Jaurlaritzak Ertzaintza zeukan, armetan adituak… Baina arazoa ez zen nola egin armagabetzea, baizik eta nork eduki protagonismoa, nor izango zen armagabetzearen egilea.
Jaurlaritzak hala nahi zuen arren, ezinezkoa zen ETAk armagabetzearen ardura —armak entregatzea, batik bat— Ertzaintzari eskaintzea, urteetan elkarren etsai izan zirelako. Horregatik hartu zuten lan erraldoi horren ardura bakegileek, haiengan bakarrik eduki zezakeelako ETAk konfiantza, eta erakutsi zutelako harreman landua zeukatela Frantziako Gobernuarekin.
Jeloskeriak gidatu zuen Jaurlaritzaren jokabidea, beste behin.