martxelo otamendi

‘Letamendi bidea’ zabaldu dute

2025eko apirilaren 26a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Gazia eman lezake aurreneko irakurketan, baina gozo samarra bigarrengoan. Giza Eskubideen Behatokiak orain dela hilabete batzuk salaketa jarri zuen Donostiako epaitegian, duela 74 urte Txomin Letamendi ekintzailea Madrilen torturatu zuten bi polizia frankisten aurka. Letamendik oso ibilbide aktiboa izan zuen Francisco Francoren altxamenduaren aurka. Gerra bukatu ondoren ere segitu zuen euskal zerbitzu sekretuekin lanean, katalanekin eta antifrankista espainiarrekin elkar hartuta; denon artean Francoren erregimena botatzeko esperantzarekin. Urteetara hizkuntzalari handia izan zen Koldo Mitxelena ere ibili zen gaztetan Letamendirekin ekinbide haietan.

Donostiako epaileak, beste epaile askok egin dutenaren aurka, ez zuen salaketa errefusatu argudiatuz 1977ko Amnistiaren Legeak ez duela aukerarik ematen frankistek egindako delituak ikertzeko, amnistiatuta daudelako. Beti salatu izan da, zuzen salatu ere, lege hark mesederik handiena frankistei egin ziela. Behatokiaren salaketa jasotakoan, epaileak ikertzeari ekin zion, baina itxi egin du auzia jakin duenean Letamendi torturatu zuten bi polizia frankistak hilda daudela.

Urrats kualitatiboa eman du Donostiako epaileak, erakutsi baitu ustez trinkoa eta zulaezina den Amnistiaren Legearen gainetik zilegi dela jauzi judiziala.

Bidea irekita dago, badago non ibili.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.