Duda egiten du zutabegile honek izenik aproposenarekin jaio ote den atzo Donostiako Kursaalean Eusko Jaurlaritzaren eskutik aurkeztu zuten Industriaren Defentsarako Taldea. Defentsa terminoa erabili dute, oso ohikoa ez dena era horretako talde parainstituzionaletan. Sendotu, bizkortu, berrindartu… hitz horiek aukeran zeuzkan taldea bataiatu zuenak, baina, Europako industriaren etorkizun hurbila belzten ari dela ikusita, nahiago izan du gerraterminoa erabiltzea: defentsa behar bada, erasoa dagoelako izango da.
Taldearen lehen osaketa ikusita, atentzioa ematen du gonbidatuen artean sindikaturik ez egoteak, kontuan izanda industrian nomina daukatenen %90 langileak direla. Egin liteke industria bezalako sektore handi baten etorkizuneko planifikazio berritzailea industria aurrera aterako duten langileen ordezkaririk gabe? Behin gonbidapena eginda, sindikatuek erabakiko dute, legitimitate guztiarekin, parte hartu edo ez; baina gonbidatzaileak —Eusko Jaurlaritzak— ezin ditu utzi zerrendatik kanpo.
Lehiakortasuna hitza erabiliko du hitzetik hortzera atzo Donostian sortu zen taldeak. Lehiakortasuna soldata duinen antonimotzat jotzen dute maiz enpresaburuek; baina industriaren bizkortzea ezin da egin, okerreko bidetik abiatuko litzatekeelako, langileen soldatei kalte eginda.