martxelo otamendi

Lausenguak euskarari

2024ko abenduaren 5a
05:00
Entzun

Iragan da euskarak urtean lausengu, laudorio eta promes gehien jasotzen duen eguna, abenduaren 3a. Europako hizkuntzarik zaharrenetako bat, jatorri ezezaguna...

Urtero errepikatzen da zeremonia, denek janzten dute euskaltzale jantzia, denei iruditzen zaie kezkagarria euskararen egoera; denei, euskararen alde trinko benetan ari direnei, eta bihartik aurrera esandako guztiarekin ahaztu egingo direnei. Ahaztura hori, nahita egiten den kasuetan, ganoragabekeria hutsa da, egin eta egingo ez dena zuritzeko ariketa faltsua, bizitzan egoteko modu bat. Dataz data dabiltza, ospakizunez ospakizun: martxoaren 8a, ekainaren 28a, abenduaren 3a… ezer ez, edo oso gutxi egiteko. Luzea da zerrenda. 

Aurten euskararen egoera larria dela esatea egokitu da, eta horrelakoa da, aurrera indarrez egiteko zailtasun endemikoari auzitegietatik datozen eragozpenak erantsi behar zaizkiolako. Baina ez dira euskarari igitai judiziala pasatzen dioten auzitegiak erabaki dutenak herenegun euskararen alde hitz potoloak esandako askoren ardurapeko erakunde publiko gehienetan funtzionamendua gaztelaniaz eta frantsesez izatea. 

Urtebete geratzen da euskarari agindu zaizkion aurrerapenak eta dedikazioak betetzeko, eta orduan baloratu beharko dugu asteartean esandakoak benetan betetzeko borondatea egon den edo ez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.