Ez da, garai bateko esapidea erabilita, zigor bibliko bat; ez da patuak hala eragindakoa; ez da, oraingoz, saihets ezin litekeen ekaitza. Gizakien erabaki eta jardun eremuan jazotzen denez, ekidin liteke, orain arte baino neurri handiagoan, hartara jarriz gero. Lan istripuak dira.
LABek urtero egiten duen kontaketaren arabera, 58 langile hil ziren iaz, aurreko urtean baino 11 gutxiago. Asko dira, hala ere, hildakoak. Jaitsiera —ez da txikia— zerk eragin duen aztertzeak jaisten jarraitzeko bidea emango liguke.
Hiru faktore nagusik eragiten dute, nagusiki, langileen heriotza kopuruan: lan segurtasuna, ekonomiaren egoera eta eredu ekonomikoa. Lehenengoan, segurtasun neurriek eta prekarizazioak —hitzaren adierarik zabalenean— dute garrantzia. Bigarrengoan, zenbat eta jardun ekonomiko handiagoa izan, orduan eta arrisku handiagoa istripuak ugaritzeko, lehen faktorean, segurtasunean, gauzak behar bezala egiten ez badira. Hirugarrengoan, adibide bat jarrita, jaisten ari da garabi batek daraman pieza astunaren azpian igarotzen den langile kopurua, eta igotzen lana ordenagailuaren aurrean egiten dutenena.
Ba ote dago gauza injustuagorik lanera joan eta, ekidin daitekeen istripuaren ondorioz, etxera itzuli beharrean hilerrira eramatea baino?