Urte asko igaro ditugu, adibide bat jarrita, eraikuntzako lanetan zebiltzan langileak ia batere babesik gabe ikusten: gorputza soka batekin lotu gabe, kaskoa jantzi gabe, arropa desegokia, bero handiarekin lanean, maskararik gabe hautsetan… Bada neurri bat gaur egun, zorionez, oso zabalduta dagoena. Solairuko paretak osatu gabe dauden bitartean, alboetatik jausiz gero langilea hartuko duen sare bat daukate jarrita eraikinaren buelta osoan. Oinarrizko neurria, gure artean urte asko ez daramatzana, eta herrialde txiroagoetan oraindik ikusten ez dena.
LAB sindikatuak eginda daukan kontaketaren arabera, gutxienez 47 langile hil dira urte hasieratik. Kopuru ikaragarri bat. Nola da posible langile bat lanera joatea eta etxera ez itzultzea lan istripu batean hil delako? Tragedia bat da, eta horrela hartu behar dugu denok, bakoitzak dagokion ardura hartuta: enpresaburuek lan baldintza seguruak bermatuta, administrazioak kontrol zorrotzak eginda, langileak bere segurtasunaren alde borrokan enpresa batzordeekin eta sindikatuekin batera.
Bere burua solidariotzat eta modernotzat daukan gizarteak ezin du onartu —patuaren erabaki zuzengaitza balitz— langileak hiltzea, segurtasun neurriak desegokiak direlako edota kontratuak oso kalitate txarrekoak direlako.
LABen datuetan, 69 langile hil ziren 2022an, eta 58 iaz. Aurten 47 daramatzagu, ikaragarri oraindik.