martxelo otamendi

Lan handia jaungoikoak Venezuelan

2024ko uztailaren 24a
05:00
Entzun

Ataka estuan jarri dute Venezuelako bi hautagai nagusiek kristauen jaungoikoa, biek eskatzen diotelako babesa, eta biek ala biek irudikatu nahi dutelako delako jaungoikoaren babesa daukatela. Ulergarria esaldi asko «jaungoikoari esker» eta «jaungoikoak nahi badu» esanda bukatzen dituzten herrialde hartan.

Nicolas Maduro presidentearen mitinetan jaungoikoaren aipamenak ohikoak dira, eta jaungoikoarenak aski ez balira, ekitaldia egiten ari den herriko birjinarena eransten dio. Sozialismoaren eta erlijioaren arteko mélange bitxia. Maduro hobeto konpontzen da kritikatzen ez duten ebanjelikoekin, berarekin oso jarrera kritikoa daukan katolikoen buruzagitzarekin baino. Horrekin batera, botoak jokoan, gustuko du etnien errituetan parte hartzea, kanpainan egin duenez.

Oposizioa ez da atzean geratzen jaungoikoari laguntza eskatzeko orduan. Igandean, Caracasen, ekitaldi politiko-erlijiosoa egin zuen oposizioak Edmundo Gonzalez presidentegaiaren eta Maria Corina Machadoren parte hartzearekin. Katolikoen aldetik aita frantziskotar batek hitz egin zuen, kasulla eta estola soinean, eta ebanjelikoen partetik isiltzea kosta zitzaion artzain batek. Oposizioaren ekitaldirik txikienean, bostehun lagun eskas, den-denak europarren ondorengo zuriak, ez beltzik ez bertako jatorrikorik.

Nori emango dio babesa jaungoikoak igandean? Salomonena ez badu egiten, ezin biei eman.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.