martxelo otamendi

Labanaren fribolizazio arriskutsua

2024ko maiatzaren 28a
05:00
Entzun

Denbora tarte handiagoa neurtu beharko da, baina ez ginateke asko tronpatuko esango bagenu ugaritzen ari direla labana erabiltzen den borrokak, kasu batzuetan labankada jasotzen duenaren heriotza eragiteraino.

Erietxeetako larrialdi zerbitzuetara labana zauriekin iristen den jendearen kopurua izan liteke gorakada horren neurgailu bat, eta poliziek errekisatzen duten labana kopurua beste bat.

Labana protagonista daukan azken gertaera larria Getxon jazo zen larunbat gauean: 24 urteko gazte bat hil zuten labankadaz. Bost adingabe daude atxilotuta. Azken urteotako beste bereizgarri bat labana tartean dabilela: hildakoa eta hiltzaileak gero eta gazteagoak dira. Labanaren erabilera fribolizatu egin da, eta horrekin batera heriotza eragitearen larritasuna arindu. Izua galdu diote gutxi batzuek, gazteak normalean, ondokoa hiltzeari, eta gauzarik arruntena iruditzen zaie, zer gerta ere, etxetik festara ateratzen direnean labana hartzea. Eta behin labana eskutan…

Ez du ematen, beste herrialde batzuetakoekin alderatuta, gure herrietako kaleak gauez oso arriskutsuak direnik. Beraz, ondorioztatu beharko dugu labanarekin ateratzeak zer ikusi handiagoa daukala talde rol baten identifikazioarekin, janzkera sozial batekin, benetako arriskua ekiditearekin baino.

Talde jarrera horiek zuzentzea eta desaktibatzea ez da lan erraza, talde baten jarrerarekin lotuta daudelako, izateko modu batekin.
Gogorra izango da labana protagonista daukaten sentsibilizazio kanpainak ikustea gure kaleetan, gehiegizko larritasuna sor dezaketelako, baina zer edo zer egin behar da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.