Oso garai egokian jakinarazi ditu euskarazko sortzaileen bizi baldintzak berauek hobearazteko bokazioarekin duela lau urte sortu zen Lanartea elkarteak, egun hauetan ari baitira onartzen erakunde publikoak datorren urtean sosak non gastatuko dituzten zehazten duten aurrekontuak. Lan polita litzateke bi testuak alderatzea, ikusteko aurrekontu horietan zenbat diru sail —eta nolakoak— dauden Lanarteak erradiografiatu duen egoera larria iraultzen hasteko.
Oso gaizki ohituta daude sortzaileei eskatzen «kantatuko duzu kanta bat?», «botako duzu bertso bat?», «joko diezu pieza bat?» eta, oso ausarta jarrita, «idatziko duzu testu bat, ahal bada, literatura ukitu batekin?» eta deus ez ordaintzen. Ahaztu egiten zaigu lan horiek denak lana —sormena, dedikazioa, autoexijentzia— ekartzen diotela kasu askotan sosik jasotzen ez duen sortzaileari.
Desberdina da enkargua erakunde publiko batek edo irabazi asmorik ez daukan talde batek egitea, diru baliabideak erabat desberdinak direlako, baina horrek ez du esan nahi bigarrenak ordaintzeko ahalegina egin behar ez duenik.
Gure hiztun kopururako, zorionez, euskarazko sortzaile asko dauzkagu, baina ezin dira bizi, Lanartean sindikatuak salatu duenez, hilean mila euro eskuratuta.
Egoeraren argazki landua eskuetan, zein da konponbidea?