martxelo otamendi

Kulturgileak Palestinarekin

2024ko martxoaren 16a
05:00
Entzun

Txaloa besterik ez dute merezi kulturgileek Genozidioa Stop leloarekin Israel Palestinan egiten ari den genozidioaren aurka protesta egiteko bihar Donostian deitu duten manifestazioagatik.

Egun batez, haien gitarren sokak eta anplifikadoreak, dantza egiteko zapatatxoak, margotzeko olio eta pintzelak, kamerak eta makillajea, lumak, ordenagailuak... lanlekuan utzi, eta gizartea astintzeko ardura hartu dute kultur munduko sortzaileek, beste behin, sektore dinamiko eta konprometitua dela erakutsiz. Beste sektore batzuek egin ez dutena.

Ez da genozidio hori salatzeko egin den aurreneko deialdia, eta ez du azkena izan beharko Europako estatuek orain arte Israel modu eraginkorrean ez estutzeko jokabide konplizearekin segitzen badute. Zergatik onartzen diote Israeli beste inori onartzen ez diotena? Zer zor diote?

Alemaniako kasua adierazgarria da, ez dute oraindik gainditu naziek juduekin egin zuten holokausto ikaragarria, eta haren ondorioz, zortzi hamarkada igaro diren arren, Israelek egiten duen guztia onartzen dute erakundeek.

Ba ote dago hipokrisia handiagorik, mendebaldekook egiten ari garen legez, esku batekin Israel faktikoki babestu, eta bestearekin goseak hiltzen ari diren palestinarrei janaria paraxutekin hegazkinetatik botatzea baino?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.