martxelo otamendi

Kultura ministroa inbasio erdian

2024ko urriaren 5a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Ondo merezitako txalo zaparrada luzea eskaini zioten ikusleek herenegun Palestinako Kultura ministro ohi Atef Abu Saifi, Donostian Gazako egunerokoa lekukotza liburuaren jendaurreko aurkezpenean. Aleka bildumaren barruan argitaratu dute liburua BERRIAk, Elkarrek eta Jakinek.

Eskertzekoa izan zen, oso sinesgarri gertatu zelako, Atef Abu Saifek ekitaldian erabili zuen estilo narratiboa, analisi politiko hutsetik aldenduta bizipenen eta lehen pertsonan bizi izandako tragediaren kontakizuna egin zuelako. Lanbidez idazlea, errazago izango zaio ikusitakoa gordinean azaltzea, diskurtsoa irizpide politikoarekin janztea baino.

Gogoratu zuen Israelek, estatua sortu zuenetik, beti zapaldu dituela palestinarrak, horren argigarri bera jaio zen lekua: Jabaliako errefuxiatu eremuan, duela mende erdi.

Atef Abu Saifek, harridura entzuleekin partekatzeko borondatearekin, azpimarra egin zuen Israelek Gazako kultur azpiegiturak suntsitzeko egin duen ahalegin ziztrinean: museoak, liburutegiak, aretoak... Salatu zuen hiria birrinduta mendeetako historia ere ezabatu zutela.

Herrialde arabiarren elkartasun ahulaz galdetuta, aipamena egin zion nazio panarabikoarekin amets egiten zuen Nasser buruzagi egiptoarrari. Ez da Atef Abu Saif gaur egungo egoeran horrelako lider baten falta sumatzen duen bakarra.

Eroso dago Israel herrialde arabiarren indarra bilduko duen nasser bat gabe.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.