Duela aste batzuetako erabakia da, baina ez du galdu larritasuna. Espainiako Auzitegi Konstituzionalak erabaki du, erabakiaren aurkako bi boto partikularrekin —Ramon Saez eta Maria Luisa Balaguer— ezin direla ikertu frankismoaren garaiko torturak; frankismo garaiko tortura «existitzen ez den delitua» delako. Aurtengo otsailean aurkeztutako bi salaketa tramitera onartu zituzten magistratuek, eta oraintsu erabaki berri dute salaketa horiei bide judiziala moztea.
Inor gutxik ukitu nahi duen 1977ko amnistiaren legea da epaitegiek —lurraldeetakoek, Gorenak eta Konstituzionalak— ikerketak ez egiteko jartzen duten pareta; legeak aldaezinak balira bezala. Legeak idatzi egiten dira, eztabaidatu, onartu, aplikatu, eta, horretarako borondatea eta sendotasun demokratikoa badaude, indargabetu.
Argentina da segitu beharreko adibidea. Azken puntuaren legea jarri zuten indarrean 1986an militarren diktadurako (1976-1983) giza eskubideen urraketak ez ikertzeko: erabateko zigorgabetasuna torturatzaileei eta hiltzaileei. Lotsagorrituta edo, Kongresuak bertan behera utzi zuen 2003an, eta Gorenak 2005ean. Geroztik, existitzen ez ziren delituak hasi ziren ikertzen, eta ehunka egile epaitzen eta espetxeratzen. Azken sententzian, aurtengo martxoan, bizi osorako espetxea hamar poliziarentzat.
Eskerrak Espainiako Konstituzionalean gehiengoa aurrerazalea den.